Bederatzi egunetan zehar, kale antzerkia, poesia eta musika errezitaldiak, umeentzako eta helduentzako lanak, baita sormen tailerrak eta jarduera parte-hartzaileak egongo dira, GOAZ Antzerki Taldeak antolatuta.
Antzerkiak Debako kale, plaza eta aretoak hartuko ditu maiatzaren 30etik ekainaren 8ra, GOAZ Antzerki Taldeak antolatutako egitarau zabal eta anitzarekin. Bederatzi egun hauetan, udalerria istorio eta ahotsez beteko da, herritarrei herriko kulturaz gozatzera, partekatzera eta parte hartzera gonbidatuz.
2025eko Antzerki Asteak publiko guztientzat askotariko proposamenak eskaintzen ditu; besteak beste, Kamikaz Kolektiboaren (Azpeitia) “Troia” kale antzerkia edota poesia eta musika errezitaldiak, Formol Laborategiaren (Lasarte) “Heriotzak Eduardo du izena” emanaldiarekin. Era berean, Karrika Antzerki taldearen (Durango) “Hurrengo geltokia” eta Trapu Zaharraren (Donostia) “Azkena ta bagoaz!” lanak ere eskainiko dira.
Horrez gain, gazteen sorkuntzak ere bere lekua izango du, Gozatuz tailerreko ikasleen “Kafe odoltsua” eta “Hau bai bogabantea” lanekin, baita Aizarnako Herri Eskolaren ikasleentzako muntaketa berezi batekin ere.
Bestalde, ekainaren 7an eta 8an “Gorputzak eta objektuak” tailerra eskainiko da Mayi Martiarena Litagoren gidaritzapean, gorputzetik eta objektuetatik antzerki sormena esploratu nahi dutenentzat. Izen-emateak zabalik daude helbide honetan: [email protected].